Kontserbadurismo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Soziologian eta politikan, kontserbadurismoa edo kontserbatismoa[1] gizartean, ekonomian nahiz politikan ikuspuntu paternalista batetik tradizioaren balioa aldarrikatuz, aldaketa sozialen aurka agertzen den ideologia eta jarrera da. Kasu horietan, kontserbadurismo terminoa tradizionalismo gisa ulertzen da politikan, edo ordena politiko bat bere horretan mantentzea, edo atzerakoi edo galdutako ordena politiko baten berrezarpen gisa[2]. Ideologia eta jarrera horren aldeko pertsona, taldeak eta horien iritziak kontserbadoreak direla esaten da. Mendebaldeko kulturan, kontserbadurismoa erlijioak bultzaturiko baloreekin lotzen da, hala nola familia, giza sexualitatearen kontrola eta espazio publikoen kontrola. Historian zehar, gainera, kontserbadurismoak botere ekonomiko eta finantzarioaren interesen alde jokatu izan du.
Espektro politikoan, kontserbadoreek hierarkia-ordenari buruz duten aldeko balioespenagatik, eskuin politikoaren barruan daudela uste da maiz; hala ere, neurri txikiagoan, kontserbadoreak aurki daitezke ezker politikoan ere[3][4][5].
Ekonomiari dagokionez, historikoki, kontserbadoreak protekzionistak izan ziren, merkatu askearen aurka posizionatuz. Hala ere, XX. mendean, alderdi kontserbadore batzuek jarrera ekonomiko neoliberalak hartu zituzten Gerra Hotzaren eraginez, sistema sozioekonomiko kapitalistaren defentsan aliatuz komunismoaren aurka. Ondorioz, XXI. mendean, kontserbadurismo politikoaren barruan, gai ekonomikoari buruzko hainbat jarrera daude.