Txikipedia:Hezurdura
From Wikipedia, the free encyclopedia
Eskeletoa edo hezurdura animalia batzuen gorputzeko hezurren multzoa da. Ugaztunek, hegaztiek, narrastiek, anfibioek eta arrainek dituzte eskeletoak. Intsektuek eta itsaskiek ez dute hezurdurarik gorputz barruan; horren ordez, exoeskeleto izeneko kanpoko estalki gogor batez babestuta dute gorputza. Koral eta belakien hezurdurak mineralez eginak daude, ez hezurrez. Animalia batzuek, marmokek adibidez, ez dute inolako eskeletorik.
Gizakien eskeletoak 200 hezur baino gehiago ditu, 206 zehazki. Eskeletoko hezur gogor eta zurrunek gorputz osoari eusten diote. Eskeletoaren beste eginkizun bat gorputz barruko organo bigunak babestea da. Horrez gain, hezurdurak muskulu edo giharrekin lan egiten du, gorputza mugitu ahal izateko. Hiru horiek dira eskeletoaren funtzio edo eginkizun nagusiak. Ikus ditzagun banan-banan.