Txikipedia:Hezur
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hezurrek gorputzari eusten diote. Gure gorputzeko hezur guztien multzoa eskeletoa da. Eskeletoak bere forma berezia ematen dio gure gorputzari, gorputzeko organorik delikatuenak (burmuina, bihotza edo birikak, adibidez) babesten ditu eta mugimenduak errazten ditu.
Giza-eskeletoak 206 hezur ditu guztira, buruan, enborrean eta gorputz-adarretan banatuta. Hezurrak organo bizidunak dira, erresistenteak eta oso gogorrak. Gure gorputzean forma askotako hezurrak daude. Forma hori gure gorputzean betetzen duten funtzioarekin lotuta dago. Hezurrak oso gogorrak dira substantzia mineral ugari dituztelako, esate baterako, kaltzioa. Gogorrak izan arren, bizirik daude, eta gorputzeko beste edozein organok bezala, oxigenoa eta elikagaiak behar dituzte.