Gorka Knörr
politikaria, abeslaria / From Wikipedia, the free encyclopedia
Gorka Knörr Borràs (Tarragona, Katalunia, 1950eko otsailaren 2a) euskal abeslaria eta politikaria da. Aita gasteiztarra eta ama katalana ditu. Henrike Knörr euskaltzain zenaren eta Roman Knörr enpresaburuaren anaia da.
Umea zelarik, Tarragonatik Gasteiza joan zen bizi izatera. Haren belaunaldiko abeslarien artean, beti Arabaren ordezkaritzat jo izan da. 1971n lehenbiziko aldiz jendaurrean abestu zuen eta handik gutxira Araba kantari diskoa kaleratu zuen. Halere, bere musika ibilbidearen ezaugarriak argiro agertzen zituen diskoa bigarrena izan zen: Nik nahi dudana, 1975ean argitaratua.
1976an Txalaparta diskoa kaleratu zuen: harekin arrakasta osoa lortu zuen eta diskoaren salmentak emendatu egin ziren. Salmenten gorakada horren eragile nagusiak Txalaparta eta Xabier Letek euskaratutako Lluis Llachen L'estaca abestiak izan ziren.
Politikari gisa, Gorka Knörr Eusko Alkartasuna alderdiaren idazkari nagusi eta eurodiputatu izan zen. Alderdi horrekin Eusko Legebiltzarreko lehendakariordea ere izan zen. Azken postu horretan zebilela, Sozialista Abertzaleak alderdia ez desegiteagatik Juan Mari Atutxa (EAJ) eta Kontxi Bilbaorekin (Ezker Batua) batera auziperatua izan zen.[1]