Dimentsio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Dimentsioa (latineko dimetiri 'neurtu' eta honen abstrakzio den dimensiō hitzetik dator) objektu matematiko baten ezaugarri metriko edo topologikoei lotutako “zenbakia” da. Dimentsioaren kontzeptu abstraktuenak espazioan mugimendu bat egiteko zenbat askatasun-gradu dauden islatu nahi du. Askatasun-gradu horien kopurua litzateke, hain zuzen, dimentsioa.
"Dimentsio" terminoa; irudi geometriko edo objektu fisiko baten neurri linealaren balioa adierazteko ere erabiltzen da, nahiz eta zentzu horrek ez duen erlaziorik dimentsioaren kontzeptu abstraktuenarekin. Izan ere, dimentsio terminoak definizio desberdinak izan ditzake arloaren arabera, aurrerago jorratuko direnak.
Fisikan eta matematikan, espazio matematiko (edo objektu) baten dimentsioa haren barruan edozein puntu zehazteko behar den gutxieneko koordenatu-kopurua da[1][2]. Hortaz,
- Zuzen batek bateko dimentsioa du (1D), koordenatu bakarra behar baita puntu bat zehazteko.
- Gainazal batek, zilindro edo esfera baten mugak, adibidez, biren dimentsioa du (2D), bi koordenatu behar baitira bertan puntu bat zehazteko; adibidez, latitudea eta longitudea behar dira esfera baten azalean puntu bat kokatzeko.
- Kubo, zilindro edo esfera baten barrualdea hiru dimentsiokoa da (3D), hiru koordenatu behar baitira espazio horien barruan puntu bat kokatzeko.
- Kasu konplexuagoetan, hala nola dimentsio fraktalean edo multzo abstraktuen dimentsio topologikoan, koordinatuen kopuruaren nozioa ez da aplikagarria, eta kasu horietan dimentsio kontzeptuaren definizio formalak erabili behar dira.
- Mekanika klasikoan, espazioa eta denbora kategoria desberdinak dira, eta espazioari eta denbora absolutuari dagozkie. Espazio-denboraren lau dimentsioak (4D) espazio eta denboraren arabera guztiz definituta ez dauden gertaeretan dautza; izan ere, behatzaile baten mugimenduarekin lotuta daude.
- Hamar dimentsio erabiltzen dira superkorden teoria deskribatzeko (6D hiperespazioa + 4D) eta hamaika dimentsiok supergrabitatea eta M teoria deskriba dezakete (7D hiperespazioa + 4D).
- Mekanika kuantikoaren egoera-espazioa dimentsio infinituko espazio-funtzioa da.
Dimentsio kontzeptua ez da objektu fisikoetara mugatzen. "Dimentsio handiko espazioak" ohikoak dira matematikan eta zientzietan. Hauek espazio euklidearrak edo espazio parametriko orokorragoak izan daitezke, edota Lagrangeren mekanika edo mekanika hamiltondarra bezalako konfigurazio-espazioak; hauek guztiak espazio abstraktuak dira, bizi garen espazio fisikoarekin zerikusirik ez dutenak.