Watson (adimen artifiziala)
From Wikipedia, the free encyclopedia
Watson Ameriketako Estatu Batuetako IBM enpresak garatutako adimen artifizialeko sistema informatiko bat da, lengoaia naturalean eginiko galderei erantzuteko gai dena.[1] David Ferrucci ikertzaile nagusiak zuzendutako DeepQA proiektuaren barnean kokatzen da Watson. Izena Thomas J. Watson IBMren sortzaile eta lehen buruaren omenez jarri zitzaion.[2][3]
Watsonek galderei erantzun bat bilatzen die bere datu-base lokal[4] erraldoiari esker, informazioa biltzeko hainbat iturri hartuta: entziklopediak, hiztegiak, berriak, artikuluak, literatura-lanak eta kanpoko datu-baseak. Taxonomia eta ontologiak ere erabiltzen ditu, Dbpedia, WordNet eta Yago hain zuzen.[5]
Watsonen benetako abilezia probatzeko asmoarekin, 2011ko otsailean Estatu Batuetako telebistako Jeopardy! lehiaketan parte hartu zuen , bere aurkariei (Brad Rutter, txapelketaren historian diru gehien irabazi duen parte-hartzailea; eta Ken Jennings, bata bestearen ondoren saio gehien irabazi dituen parte-hartzailea).[6][7] Guztira, Watsonek milioi bat dolar irabazi zuen, eta sari hau World Vision eta World Community Grid karitateen artean banatu zuen IBMk. Rutter eta Jenningsek ere beren sarien (300000 eta 200000 dolar, hurrenez hurren) erdia karitateei eman zieten: lehenak VillageReach-i eta bigarrenak Lancaster County Community Foundation-i.[8]
Nahiz eta Watsonek atal gehienetan gizakiek baino hobeto erantzun, hitz gutxiko pista motzekin arazoak izan zituen. Pista bakoitza jasotakoan, probablitate handiena zuten erantzunak telebista-pantaila batean erakusten zituen Watsonek. Jokoan zehar, 200 milioi eduki-orrialde izan zituen eskuragarri, datu egituratu eta ez-egituratuak, ingelesezko Wikipedia[9] osoa barne, lau terabyte[10] informazio guztira. Watsonek ez zuen Interneterako konexiorik izan lehiaketak iraun zuen bitartean.[11][12]