Txikipedia:Neurri-unitate
From Wikipedia, the free encyclopedia
Neurri-unitateak zehaztasunez neur daitezkeen magnitude fisiko guztiak adierazteko erabiltzen dira. Bi tokiren arteko distantzia, adibidez, kilometrotan neurtu eta adieraz daiteke. Ekintza jakin bat egiteko behar den denbora ere neur daiteke.
Magnitude bakoitzerako neurri-unitate asko daude, baina neurri-unitateak neurtu nahi denaren arabera egokitu behar dira beti: alegia, ezin da denbora kilogramotan neurtu, edo tenperatura litrotan. Hala ere, magnitude bakoitza neurri-unitate desberdinetan neur daiteke; adibidez, denbora ordu, minutu edo segundotan neur daiteke, besteak beste. Luzera, berriz, zentimetrotan, metrotan edo kilometrotan neur daiteke.
Kopuru bat neurtzeko, neurri-unitateak ez ezik, zenbakiak ere behar dira. Zenbakiek adierazten dute neurtzen ari garen horretan neurri-unitatea zenbat aldiz sartzen den. Adibidez, ate baten zabalera neurtzen bada, zentimetro deritzogun neurri-unitatea erabili ohi da, eta, kasu horretan, atea neurtzean esaten dugu neurri-unitatea zenbat aldiz sartzen den zabaleran: "Zabalera laurogeita sei zentimetrokoa da" esateak esan nahi du zentimetro bat 86 aldiz sartzen dela atean, alde batetik bestera. Kasu horretan, 86 cm idazten dugu.