Txikipedia:Musulman
From Wikipedia, the free encyclopedia
Musulmanak islam deritzan erlijioaren jarraitzaileak dira. Erlijio berbera partekatu arren, badaude desberdintasun batzuk leku batetik bestera; hori dela eta, hiru talde nagusi daude musulmanen artean: sunniak, xiiak eta sufiak. Lehendabiziko biak dira fededun gehien dituztenak.
Mundu osoan, 1.700 milioitik gora musulman daude, eta munduan dagoen bigarren erlijiorik zabalduena da, kristautasunaren ondoren. Musulman gehienak Arabiar penintsulan, Afrikako iparraldean eta Asiako hegoaldean bizi dira, baina Europan ere badira asko, XX. mendean immigratutakoak.
Musulmanen erlijioa VII. mendean sortu zuen Mahoma izeneko profeta arabiar batek. Musulmanentzat, Mahoma ez da jainkoaren semea, profeta bat baizik, jainkoaren hitza ezagutarazten duen norbait, alegia. Bere jarraitzaileei, Mahomak esan zien amets batean Gabriel aingeruarekin hitz egin zuela eta aingeruak Ala edo jainkoaren hitza ekarri ziola. Mahomak kontatutakoa Koranean idatzita dago, musulmanen liburu sakratuan.