Txikipedia:Kristautasun
From Wikipedia, the free encyclopedia
Kristautasuna munduko erlijiorik zabalduena da, 2.400 milioi jarraitzaile inguru ditu. Jesus Nazaretekoaren bizitza, heriotza eta irakaskuntzak ditu oinarri. Hiru adar nagusi ditu: Erromatar katolizismoa, Eliza ortodoxoa eta protestantismoa.
Kristautasunaren oinarrizko ideietako bat da Jesus Kristo dela, Jainkoak hautatu eta bidali zuena gizakiak salbatzeko. Kristauek diote Jesusek sufritu egin behar izan zuela, ondoren hil eta azkenik berpiztu, gizakien bekatuak garbitzeko. Kristauentzat, Jesusen berpizkundea itxaropen bat da, haiek ere betiko bizitza izango dutela pentsatzeko arrazoi bat ematen dielako.
Kristauek ere Hirutasun Santua delakoan sinesten dute. Ideia horrek esan nahi du hiru pertsona daudela Jainko bakarrean batuta: Aita (Jainkoa bera), Semea (Jesus) eta Espiritu Santua; Espiritu Santua laguntzaile moduko bat da, gizakiak laguntzeko eta gidatzeko bidalia.
Kristautasunaren testu sakratua Biblia da. Bi liburuz osatuta dago: Itun Zaharra (hebrear Biblia edo juduen Biblia) eta Itun Berria, Jesusen historia kontatzen duena.
Bizitza kristauaren erdigunean, Jainkoa gauza guztien gainetik maitatzea dago. Kristautasunak dio, halaber, jendeak elkar maite behar duela eta bihozberak, apalak eta adeitsuak izan behar dutela.
Kristau asko elizkizunetara aldizka joaten dira. Igandea da erlijio-egun ohikoena. Elizkizun horiek meza izenez ezagutzen dira. Mezan otoitz egin, abestu eta Bibliako irakurgaiak egiten dira, apaiz baten hitzaldia eta sermoiarekin batera. Jaunartze izeneko zeremonia bat dago; zeremonia horretan, kideek ogia jan eta ardoa edaten dute, Jesusek haren jarraitzaileekin egindako azken afariaren omenez.
Kristauentzat, hiru egun garrantzitsu daude: Eguberri-eguna, Epifania eta Pazkoa. Eguberri-egunak Jesusen jaiotza ospatzen du. Tradizio asko daude gaur egun festa horretara lotuta, hauen artean: Eguberriak, Eguberrietan jartzen den zuhaitza eta umeei egiten zaizkien opariak. Epifaniak Errege Magoek Jesus jaioberriari egindako ikustaldia ospatzen du. Pazkoa, berriz, urteko egunik sakratuena da kristauentzat: Jesu Kristoren eta hildakoen berpizkundean duten sinesmena ospatzen da egun horretan.