Txikipedia:Herbehereak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Herbehereak Europaren ipar-mendebaldean dagoen herrialde txiki bat da. Holanda izenez ere ezagutzen da. Bertako biztanleak herbeheretarrak dira, baina gehienetan holandar deitzen zaie; 17 milioi baino gehiago dira. Holandarrez gain, turkiarrak, indonesiarrak, marokoarrak, eta abar bizi dira. Biztanleriaren erdia kristaua da. Hizkuntza nagusia nederlandera da, alemanaren oso antzekoa. Biztanleriaren % 90 hirietan bizi dira.
Herbehereetako hiriburua Amsterdam da. Beste hiri handi bat Rotterdam da; bertan dago munduko porturik handienetako bat eta, era berean, Europako handiena. Hiri horretatik gertu Rhin ibaia pasatzen da, Ipar itsasorako bidean.
Herbehereek Alemaniarekin eta Belgikarekin dute muga. Iparraldeko eta mendebaldeko mugan Ipar itsasoa du. Herrialdeak altuera gutxi du eta oso laua da. Ibai eta kanalek hiri asko lotzen dituzte. Klima freskoa eta euritsua da.
Aspaldiko garaietan, itsasertzetako lurrak urpean egoten ziren. Erdi Arotik aurrera, biztanleek haize-errotak erabiltzen zituzten, lurrak lehortzeko; dikeak eta presak ere eraiki zituzten, ura kanpoan mantentzeko. Itsasoari irabazitako lur horiek polder deitzen dira.