Txikipedia:Europako ibaiak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Europako ibaiak ez dira oso luzeak ez eta emari handikoak, beste kontinenteetakoekin konparatuta. Volga (3.690 km) eta Danubio (2.860 km) dira luzeenak. Bi horiek eta beste asko (Rhin, Elba, Sena, etab.) nabigagarriak dira eta komunikazio-bide garrantzitsuak.
Lau taldetan sailkatzen dira, urak zein itsaso edo ozeanotara isurtzen dituzten kontuan izanda:
- Ozeano Artikoan itsasoratzen direnak: Petxora eta Ipar Dvina ibaiak. Errusia iparraldeko lautada zabalak zeharkatzen dituzte, ur-emari handia izaten dute udaberrian eta udazkenean, eta neguan izoztuta egon ohi dira.
- Ozeano Atlantikoan itsasoratzen direnak: Rhin, Sena, Tamesis, Loira, Duero eta Tajo ibaiak. Nabigagarriak dira, emari handia eta erregularra dutelako eta ur lasaiak izaten dituztelako. Europa erdialdeko lautadak zeharkatzen dituzte.
- Mediterraneora itsasoratzen direnak: Ebro, Rodano, Po eta Tiber dira garrantzitsuenak. Ez dira oso luzeak eta haietako gehienek lurralde menditsuak zeharkatzen dituzte. Ur-emarian gorabeherak izaten dituzte eta ibilbide motza dutenean askotan uholdeak eragiten dituzte.
- Itsaso Beltzera edo Kaspiar Itsasora isurtzen direnak: Danubio, Dnieper, Volga, Ural eta Dniester ibaiak. Europako luzeenak dira, malda gutxikoak eta nabigagarriak.