Txikipedia:Berotegi-efektua
From Wikipedia, the free encyclopedia
Berotegi-efektua (negutegi-efektua ere deitu izan zaio, baina ez da gomendatzen) lurrazala eta haren gaineko airea berotzen direnean gertatzen da. Airean dauden gasek eguzkiaren energia harrapatzen dutenean atmosferak berotegi baten antzera funtzionatzen duelako deitzen zaio horrela. Atmosferan beroa harrapatzen duten gas horiei berotegi-efektuko gas deitzen zaie. Berotegi-efektuko gas ohikoenak uraren lurruna, karbono dioxidoa eta metanoa dira.
Lurrak, ozeanoek eta landareek eguzki-energia xurgatzen dute; energia horren zati bat bero bihurtu eta askatu egiten dute. Berotegi-efektuko gasek beroa harrapatzen dute eta ez diote espaziora joaten uzten; berotegi-efektuko gas horiek gabe, beroa espaziora bueltatuko litzateke.
Beraz, Lurra berotzeko modu natural horri berotegi-efektua deitzen zaio, landare-berotegiek bezala funtzionatzen duelako. Izan ere, berotegietan, kristalezko edo plastikozko pareta gardenei esker, Eguzkiaren beroa sartzen da eta zati bat bertan geratzen da; horrela, giro epela sortzen da berotegietan, eta epeltasun horrek mesede egiten dio landareen hazkundeari.
Berez, fenomeno naturala da, eta gainera, oso garrantzitsua ere bai: atmosferarik gabe edota berotegi-efektu natural hori gabe, oso zaila izango litzateke Lurrean bizitzea: hotz handiegia egingo luke, ur guztia izozturik egongo litzateke eta ez litzateke izaki bizidunik egongo bertan. Beste era batera esanda, berotegi-efektu naturala oso onuragarria da gure planetarako. Baina berotegi efektu hori gehiegizkoa bada, klima-aldaketa eragin dezake, hau da, klima alda dezake Lurreko leku askotan; eta horrek kalte handiak eragin ditzake ekosistema guztietan, bai eta planetako izaki bizidun guztiengan.