Txikipedia:Amerikaren aurkikuntza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Amerikaren aurkikuntza deritzo europarrak gaur egun Amerika deitzen dugun kontinentera lehen aldiz iristearen gertaera historikoari. XV. mendearen bukaeran, Kristobal Kolonek zuzendutako espedizio bat iritsi zen 1492ko urriaren 12an gaur egun Bahamak deitzen dugun uhartedi edo artxipelagoko uharte batera. Aurkikuntza hitza erabiltzen da, europarrek ez zeukatelako lurralde haien berri eta, beraz, ustekabean "aurkitu" zituztelako; baina Amerikan jendea bizi zen, europarrak iritsi baino lehenago (amerindiarrak deitzen zaie), eta horregatik ez da erabat zuzena esatea aurkikuntza bat izan zenik. Nolanahi ere, historiako gertakaririk garrantzitsuenetako bat izan zen, eta mundua erabat aldatu zen ordutik aurrera. Gertaera historiko honek oso eragin handia izan zuen, baina oso desberdina Europan eta Ameriketan: Europarentzat, mundu modernoaren abiapuntua izan zen, baina Ameriketako herrientzat, aldiz, haien zibilizazioaren gainbehera eta menderakuntza ekarri zuen, baita desagerpena ere, kasu askotan.