Txikipedia:Amerikako historia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Amerika izena Ameriko Vespuzio esploratzailearen omenez jarri zitzaion kontinenteari, bera izan baitzen lehena ulertu zuena lur haiek ez zirela Asiakoak –Indiakoak, hain zuzen–, europarrentzat ezezaguna zen kontinente bat baizik.
Kristobal Kolonek 1492an europarrentzat "aurkitu" ondoren, europarrek "mundu berri"-tzat hartu zuten, "kontinente zaharra" zen Europaren aurrean, ez bakarrik lurralde haiek beraientzat berriak zelako, baina baita bertan aurkitu zituzten ikusi gabeko gauza ugariengatik ere. XVIII. mendean, kolonia ingelesetako eta Estatu Batuetako biztanleek aldarrikatu egin zuten "mundu berria" esamoldea, Europako erregimen zaharren aurrean eraiki nahi zuten gizarte berriagatik.
Amerikaren aurkikuntzatik aurrera, espainiarrek eta portugaldarrek kontinentearen erdialdea eta hegoaldea kolonizatzeari ekin zioten batez ere, eta ingeles eta frantsesek, aldiz, iparraldea. Ondorioz, bi Amerika bereizten dira askotan: Latinoamerika, erdialde eta hegoaldean; eta Ipar Amerika. Alabaina, geografiaren ikuspuntutik, zuzenago da hiru zati bereiztea gaur egungo Amerikan:
- Ipar Amerika, hiru estaturekin: Kanada, Estatu Batuak eta Mexiko.
- Erdialdeko Amerika
- Hego Amerika
Azken biek batera osatzen dute Latinoamerika deitzen dena.