Ramones
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ramones Ameriketako Estatu Batuetan 1974an sortutako punk taldea da. Munduko lehen punk taldetzat jota, The Ramonesek 1970eko hamarkadaren erdiko punkaren soinua eta portaera sortu zuten, nahiz eta ez lortu The Clash garaikideen arrakasta komertziala edo Sex Pistolsen ospea. Rock and rolla funtsezkora mugatu zuten: lau akorde, melodia erraza eta letra txotxoloa. Erritmoa bizkortzearekin batera, 1960ko hamarkadaren hasieran, The Beatlesen baino lehen, sortu zen rock and rolla eta popa berreskuratu zuten. Iraultzaile zirudien soinu horrek.
Ramones | |
---|---|
Taldekideak, Oslon izandako kontzertuan, 1980ko abuztuaren 30ean. Ezkerretik eskuinera: Johnny Ramone, Dee Dee Ramone eta Joey Ramone. | |
Datuak | |
Jatorria | New York, |
Musika mota | Punk |
Urteak | 1974 - 1996 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Sire Records Radioactive Records Chrysalis Records |
Taldekideak | |
Joey Ramone Johnny Ramone Tommy Ramone Dee Dee Ramone C.J. Ramone Marky Ramone Richie Ramone Elvis Ramone | |
Sariak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Informazio gehigarria | |
www.officialramones.com | |
Hogeita bi urtez jo zuten, harik eta 1996an Lollapalooza musika jaialdian aritu ostean taldea desegin arte. Handik gutxira, hiru jatorrizko osakide, Joey, Johnny, eta Dee Dee Ramone (hauexek goitizenak izaten ziren) hil egin ziren. The Ramonesek talde gazteagoengan eragin handia izan arren, gaur egun jotzen ari ziren egunetan baino fama handiagoa daukate.
Musikaren munduan sekulako itzala izan dute The Ramonesekoek. Punk mugimendu britainiarraren sorreran eragin handia izan zuten eta baita The Sex Pistols eta The Clash taldeen jaiotzan ere. Gainera, oso ugariak dira New York ibilbideari jarraituta eratu diren taldeak. Pop, surf eta bubblegum erritmoez betetako rock doinuetako melodia gogoraerrazak mundu osoan entzun dira, horien artean I wanna be sedated, Sheena is a punk rocker eta Blitzkrieg Bop.
Soinu bizia eta zuzena, lelo gogoraerrazak, azaleko gaiei buruzko hitzak eta konposizio errazak dira 1974an Queens auzo newyorktarrean sortutako taldearen musikaren ezaugarri nagusiak. 1950eko hamarkadako rockabilly erritmoak, 60ko urteetan emakumeek osatutako taldeen musika-estiloa eta surf-rock doinuak berreskuratu nahi zituzten -emakume batek baino gehiagok erreibinkatu du hauen musikaren inspirazio izan direla[1]-. Ramonesek ez zuen 1970eko hamarkadan rock progresiboa egiten zuten taldeen musika hain landua egin nahi.