Palestina Nazio Batuen Erakundean
From Wikipedia, the free encyclopedia
Palestinako Estatuarekin[1] [2][3]lotutako gaiak eta Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko aferak Nazio Batuen etengabeko eztabaida, ebazpen eta baliabideen xede izan dira. 1948an eratu zenetik 2010eko urtarrilera arte, adibidez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 79 ebazpen onartu zituen gatazka honen gainean[4].
1947ko azaroaren 29an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 181 (II) Ebazpena onartu zuen, Palestina zatitzeko plan bat ezarri eta sustatzea gomendatzen zuena, Nazio Batuen Palestinarako Batzorde Bereziak (UNSCOP, ingelesezko sigletan)[5] egindako txostenean oinarrituta[6][7].
Nazio Batuen lehendabiziko egintzetako bat izan zen, eta, orduz geroztik, zeregin garrantzitsua bete du eskualdean, batez ere sostengua ematen palestinar errefuxiatuei Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren bitartez (UNRWA, ingelesezko sigletan), 302 Ebazpenaren bidez sortua[8], eta palestinarren errebindikazio politikoetarako plataforma bat emanez hauen bidez: Palestinako Herriaren Eskubide Besterenezinen Erabilerarako Batzordea[9], Palestinarren eskubideetarako Nazio Batuen Dibisioa[10], Palestinarren Giza Eskubideen kontrako Israelen Ekintzak ikertzeko Batzorde Berezia[11], Palestinako Auziari buruzko Nazio Batuen Informazio Sistema (UNISPAL)[12] eta Palestinako Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna[13]. Nazio Batuek aldeen arteko bake negoziazioak sustatu dituzte, azkena 2002an, Bakerako Bide-orria izenekoa[14].