Maia egutegia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Maia egutegia kolonaurreko Mesoamerikan (Guatemalako mendialdean[1] eta Mexikoko Veracruz, Oaxaca eta Chiapasen[2]) erabiltako egutegi sistema bat da, maiek garatua. Bi egutegi modu bateraturik erabiltzen zituzten maiek: bata egutegi zibila, baab, 20 eguneko 18 hilabetetan banatua, 5 egun osagarri erantsiz, eta bestea urte sakratua, tzolkin, 260 egunekoa. Egutegi ziklikoa da, 52 urtean behin errepikatzen dena. Kontu luzean, zenbatzeko abiapuntua 13.0.0.0.0 4 ajau 8 cumkú egunean izan zen, hau da, orokorrean onartutako korrelazioaren arabera K.a. 3114ko abuztuaren 11n.
Maien egutegiaren funtsezko elementuak eskualde osoan erabili izan zen sistema batean oinarritzen dira, gutxienez K.a. V. mendekoa. Ezaugarri asko partekatzen ditu Mesoamerikako lehenagoko beste zibilizazio batzuek erabilitako egutegiekin, zapotekak eta olmekak kasu, eta garaikideekin edo gerokoekin, mixtekak eta aztekak kasu[3].
Maien tradizio mitologikoaren arabera, Yucatan kolonialeko kontakizunetan dokumentatzen den bezala, eta idazkun Klasiko eta Posklasikoetatik abiatuta berreraikitzen den bezala, maiz Itzamna jainkoari egozten zaio egutegiaren ezagutza ekarri izanaren meritua[4], idazkeraren eta maien kulturaren beste funtsezko alderdi batzuekin batera.
Gaur Asteartea da, 2024ko martxoak 5 (15:29 UTC). Gaurko data maia egutegiko glifoak erabiliz: