Lurretik gertuko objektu
orbitaren zati batean Lurretik gertu igarotzen den argizagia / From Wikipedia, the free encyclopedia
Lurretik gertuko objektu edo Lur-hurreko argizagi bat (LGO, ingelesez: NEO) bere orbitaren zati batean Lurretik hurbil igarotzen den eguzki-sistemako argizagi bat da. Hitzarmenez, gorputz batek perihelioa (Eguzkitik gertuen dagoen unea) 1.3 unitate astronomikora badu, Lurretik gertuko objektutzat hartu behar da.[1] LGO baten orbitak Lurrarena zeharkatzen badu eta 140 metro baino handiagoa bada, Objektu Bereziki Arriskutsutzat (OBA edo ingelesez, PHO) hartzen da.[2] Ezagutzen diren LGO eta OBA gehienak asteroideak dira, baina badira kometak ere.[3]
Hogei milatik gora Lur-hurreko asteroide (ingelesez NEA) eta ehundik gora periodo motzeko Lurretik gertuko kometa (LGK, ingelesez NECs) ezagutzen dira,[3] gainera, Eguzki-orbita duten espazio ontzi eta meteorito esanguratsu batzuk ezagutzen dira, Lurraren aurka talka egin aurretik detektatzeko handitasun nahikoa dutenak. Gaur egun, ia erabat onartuta dago zientzialarien artean halako argizagien talkek eragin nabarmena dutela planeten historia geologiko eta biologikoan.[4] 1980ko hamarkadatik aurrera hasi ziren interesgune bihurtzen LGOak, poliki-poliki gizakia jabetzen hasi zelako halako gorputz baten talkak egin zezakeen sarraskiaz. Jakina da hogei metro baino gutxiago dituzten asteroideek ezin dutela Lurreko ingurumena edo biztanleria kaltetu.[5] Alabaina, tamaina hori baino handiagoak direnek gure planetaren atmosfera zeharka dezakete eta hortaz, tsunami edo kraterrak bezalako gertakari geologikoak eragin ditzakete. Gorputz batek Lurraren aurka talka egiteko orbita edukiko balu, berez posible izango litzateke haren orbita desbideratzea, eta gaur egun halako talkak saihesteko metodoak ikertzen ari dira zientzialari eta ingeniariak.[6]
LGOen orbiten kalkuluen zehaztasunaren arabera, bi eskala daude halako objektuen arrisku maila neurtzeko: Turin eta Palermo eskalak, azken hau lehena baino konplexuagoa. Hala ere, bi eskala horiek iragartzen duten arrisku maila datuen zehaztasunari hertsiki loturik dago, izan ere, adibidez, zenbait argizagik eskala horietan balio positiboak eduki zituzten denboraldi batez, harik eta 2018ko martxoan, kalkulu zehatzagoei eta behaketa sakonagoei esker, balio horiek aldatu eta zeron edo zerotik behera geratu ziren arte.[7]
1998tik, Europar Batasuna, Estatu Batuak eta beste hainbat herrialde LGO gorputzen bila dabiltza, Spaceguard (Espazioko zaintza, zaintzailea) izeneko proiektu baten barnean.[8] Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak NASAri agindu zion kilometro bat baino diametro handiagoa zuten Lurretik gertuko objektuen, gutxienez, %90 katalogatzeko, halako gorputz baten talkak mundu mailako hondamendia sor dezakeelako, lan hori 2011ean burutu zen.[9] Hurrengo urteetan, hasierako proiektu hori zabaldu egin zen,[10] hala, mota horretako argizagi txikiagoak ere katalogatzeko,[11] nahiz eta hauetako baten talkak ez lukeen mundu mailako hondamendirik eragingo.
LGOek haien gainazalean grabitazio ahula eragiten dute eta gainera, gehienek Lurraren antzeko orbitak dituzte, hori dela eta, espazio ontziak bertara ahalegin handirik egin gabe irits daitezke.[12][13] 2019ko urtarrilerako, bost Lurretik gertuko kometak[14][15][16][17] eta beste hainbeste Lurretik gertuko asteroidek jaso zuten espazio ontzi baten bisita.[18][19][20][21] 2010ean burutu zen misio batek LGO batetik laginak ekarri zituen eta halako misioak errepikatu nahi dira.[20][21] Konpainia pribatuak asteroideen merkatal-meatzaritza gauzatzeko planen oinarriak ipintzen dihardute.