Lehen Karlistaldia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Lehen Karlistaldia[6][7] —Lehen Karlista Gerra, Lehen Gerra Karlista eta Lehen Karlistada izenez ere ezaguna— 1833 eta 1840 urteen bitartean Hego Euskal Herrian batez ere (1839 arte) eta Espainian izandako gerra zibilari deritzo. Gerraren azaleko auzia dinastikoa zen arren, Euskal Herrian ezaugarri bereziak izan zituen, bertako lege eta erakundeen aldeko altxamendua izan zen biztanleriaren gehiengo handiaren babesaz, espainiar ordena liberal berriaren kontra.
Lehen Karlistaldia | |||
---|---|---|---|
Karlistaldiak | |||
Data | 1833ko urriaren 2a – 1840ko uztailaren 6a | ||
Lekua | Euskal Herria espainia | ||
Emaitza | Isabeldarren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Gerraren erdigunea Euskal Herria izan zen eta, neurria txikiagoan, Maestrazgoa eta Kataluniaren iparraldeko muga eskualdea. Alabaina, erresumako beste eskualde batzuk astindu zituen, Andaluzia, adibidez, eta gobernuaren eta altxatuen espedizio militarrek talka egin zuten askotariko tokietan.
Hainbat egilek eta lehen eskuko lekukok, hala bertakoek nola atzerrikoek, euskal subiranotasun eta, are, independentziaren aldeko herritarren borrokatzat jo dute Euskal Herrian. Lehen Karlistaldiak "erregetzaren gerra" (1839 arte), "gerra zibila", "iparraldeko gerra" eta "foruen gerra" izenak hartu zituen.
Hego Euskal Herrirako gerraren ondorio politiko nagusia, lehenik, okupazio militarra eta, bigarrenik, 1839ko Foruak Berresteko Legea eta 1841eko Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea izan zen; hartara, Espainiara transferitu zen herri subiranotasuna eta Hego Euskal Herriko lurraldeak Espainiako probintzia bihurtu ziren, estatus berezi batekin bazen ere. Ordu arteko barnealdeko aduanak kostaldera eta Pirinioetara lekualdatu ziren. Espainian, ordena konstituzional desegonkor bat finkatu zen, eta Espainia iraunkorki sartu zen Europako nazioarteko mailegarien finantza sisteman.