Koinfekzio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Koinfekzioa bik edo bi baino organismo patogeno gehiagok ostalari batean sortzen duten aldi bereko infekzioari deritzo.
Infekzio asko mikrobio mota bakar batek sortzen ditu. Baina hainbat kasutan, mikrobio batek patologia infekzioso bat sortu ondoren beste mikrobio batek ostalari bera eta infektatutako organo bera ere infektatzen ditu. Hori gertatzen da, adibidez, arnas-aparatuko infekzioetan, zeinetan birus batek sortutako infekzioari beste birus (edo bakterio) batena gehitzen zaio sarritan, gaitzaren pronostikoa okertuz [1]. Gripean hau ohikoa da. Gertaera honi koinfekzioari edo gaininfekzioari deritzo. Gibelean, B eta D hepatitisen birusek ere koinfekzioa eragin dezakete.
Koinfekzioa ere gertatzen da bi birusek (edo bakterioek) ostalari bera infektatzen dutenean organo bera kaltetu ez arren: esaterako, HIESa dutenek koinfekzioak dituzte sarritan, hepatitisaren birusekin [2] edo tuberkulosiaren bakterioarekin [3].
Patologia infekzioso bat dagoenean eta koinfekzioa gertatzen denean, bi mikrobio patogenoen arteko harremanek eragin aldakorra izan dezakete patologia horretan:
- batzuetan, koinfekzioak patologia okertzen du. Bi mikrobio patogenoen presentziak gaixotasunaren progresioa areagotzen du eta ondorio gaiztoak dakarzkio ostalariari (sindemia) [4].
- beste kasu batzuetan, aldiz, bi mikrobioren aldi bereko infekzioetan mikrobio batek bestea neutralizatzen du. Esaterako, Pseudomonas aeruginosak, "in vivo", Staphylococcus aureusen kolonien hazkundea galarazten du, ziur aski mikrobioen arteko konpetentziaren fenomenoaren bidez [5].
Hainbat kasutan koinfekzioak gaitzaren diagnostikoa korapilatzen du, bi mikrobio patogenoen batek besteak sortzen dituen sintomak aldatzen/ezkutatzen dituelako.
Koinfekzioak birkonbinazio genetikoa errazten du, bi mikrobio zelula berean egotean haien arteko harreman genetikoaren probabilitatea areagotzen delako. Horrek birus eta bakterio berrien agerpena eragin dezake, eta baita gaixotasun infekzioso berriena ere.