Gernu-aparatuaren jatorri enbriologikoa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Gernu-aparatua gernua ekoizteaz, metatzeaz eta garraiatzeaz arduratzen den gorputzeko aparatua da. Sistema honek atal desberdinak ditu: bi giltzurrun, bi ureter, gernu maskuria, bi muskulu esfinter eta uretra.[1][2]
Gernu-aparatua bitarteko mesodermotik eratzen da, enbrioi barruko mesodermoaren mesodermo paraxialaren eta alboko mesodermoaren artean kokatzen den geruzatik hain zuzen ere. Lepoko eta goiko toraxeko eskualdetan bitarteko mesodermoa segmentatu egiten da, eta bertatik sortzen diren mesodermoaren segmentuak nefrotomak dira. Gainerako eskualdeetan, hau da, beheko torax, gerri eta sakro eskualdeetan, bitarteko mesodermoa ez da segmentatzen eta eratzen den egitura kordoi nefrogenoa da.
Bi motako egitura hauetatik (nefrotometatik eta kordoi nefrogenotik) garapenean zehar ditugun hiru gernu sistema desberdinak sortuko dira: pronefrosa, mesonefrosa eta metanefrosa.
Hiru sistema hauetan bi azpisistema desberdin aurkitu daitezke. Batetik, sistema iraizlea, nefronek osatua; eta bestetik, sistema biltzailea, unitate iraizleek sortzen duten gernua garraiatzeko erabiltzen dena. Gernu sistema bakoitzean beraz, sistema iraizle jakin bat eta sistema biltzaile jakin bat agertzen dira.