Genero ekitaterako politikak Europar Batasunean
From Wikipedia, the free encyclopedia
Gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasuna Europar Batasunaren funtsezko printzipioa da, eta aldi berean demokraziaren funtsezko printzipioa ere bada. Hau da oinarrizko premisa 1957ko martxoan Erromako Tratatua sinatu zenetik, Europako Ekonomia Erkidegoa eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratu zirenetik, Ikatzaren eta Altzairuaren Europar Erkidegoari dagokion Parisko Tratatua sinatu zuten Estatuen artean.[1]
Sortu zenetik, Europar Batasunak apurka-apurka zabaldu du zuzentarauen, ekimenen, gomendioen eta legedien aplikazio-eremua, gizonen eta emakumeen giza eskubideetan funtsezkoa den printzipio demokratiko hau garatzeko.
Nabarmentzekoa da Europar Batasunean genero-berdintasunaren arloan izandako aurrerapena, gutxienez nazioz gaindiko problematika onartzeari dagokionez. Izan ere, problematika horrek bide estua egin du nazioz gaindiko lege eta zuzentarau konplexuak burutzeko, betiere gomendio sendoak emanez lege eta zuzentarau hauek herrialde kideen barnean aplika daitezen, eta aitortuz ezinbestekoa dela emakumeak gizarteetan erabat integratzea eskubide ororekin, garapen ekonomiko, sozial eta kultural osoa lortzeko, demokrazia, gizarte-kohesio eta giza eskubide unibertsalen erabileraranzko bidean aurrera pausuak emateko.
Aipatu bezala, aurrera pausu hauek emateko ezinbestekoa izango da, emakumeen gizarteratzea. Alde batetik, emakumeen gaitasunen hezkuntzak eta gaikuntzak gero eta gehiago eramango dute emakumea komunitateetan duen eginkizunaren kontzientzia osoaz jabetzera, gizarte osoari dagozkion alderdi guztietan oreka eta garapena lortzeko. Bestetik, emakumeak politika munduan sartzeak berdintasun sozial, eta historian zehar gizonei atxikiak izan diren ondasun material eta sozialen berdintasunaren errekonozimenduan ekitate gehiago izatea ahalbidetuko litzateke. Horrez gain, emakumeak zientzia eta teknologia arloan nagusitasun handiagoa lortzeak munduaren ikuspegi berri bat ekarriko luke, orain arte gizonena izan dena. Modu honetan, garapen ekonomikorako iturri berriak irekiko lirateke.
Demokrazia berri honetaranzko trantsizioan, ikuspegiak aldatzen ari dira eta gizonen aldetik kontrola galtzearen beldurrak areagotzen doaz, indarkeria, traba eta diskurtso antifeminista berriak azaleratzea eragiten dutenak. Aintzat hartu beharrekoa baita aldaketa ekonomiko eta legei dagozkienak arin eman daitezkeela, baina aldaketa kulturalak oso mantsoak dira, eta sistema zis-heteropatriarkalean bizi den gizarte baten oso zaila da sozialki sexu bakoitzari ezarritako sakonki errotuak dauden rolak aldatzea. [1]