Delfosko orakulua
From Wikipedia, the free encyclopedia
Delfosko orakulua barruti sakratu handi bat izan zen, nagusiki Apolo jainkoari eskainia, erdian, bere tenplu handia zuena. Bertara joaten ziren greziarrak jainkoei aztoratzen zituzten gaiei buruzko galderak egitera. Grezian kokatua zen, Parnaso mendiaren magalean (Fozidako mendietan), itsasoaren mailatik 700 metroko garaierara eta Korintoko golkotik 9,5 kilometroko distantziara. Orain existitzen ez den aitzinako Delfos hiririk hurbil zen.
Fozida edo Fozia, Grezia erdialdeko antzinako eskualde bat da, Parnaso mendiaren mendiguneak zeharkatua. Grezia klasikoaren garaian, eskualde honen zati batek, aipaturiko mendiaren oinean dagoenak hain zuzen ere, Pyto edo Pito izena zuen, grezieraz Πυθω. Toki hau Delfos bezala ezagutzen dena da, hau da, Pyto eta Delfos sinonimoak dira.
Mendiko arroketatik, hainbat iturburu sortzen ziren, iturri ezberdinak eratzen zituztenak. Oso antzinatik ezaguna den iturrietako bat, Kastaliaren iturria da, erramu landarezko basotxo batez inguraturik, Apolori sagaratua. Elezaharrak eta mitologiak diotenez, Parnaso mendian eta iturri honetatik gertu zenbait jainkosa biltzen ziren, kantu eta olerkiaren jainkosa txikiak, Musak, iturrietako lamia ziren naiadeekin batera. Bilera hauetan, Apolok lira jo eta gainontzeko jainkosek kantatzen zuten.[1]
Delfosko orakuluak eragin handia izan zuen Italia hegoaldeko eta Siziliako kostaldeen kolonizazioan. Mundu helenikoaren gune erlijiosoa izatera heldu zen.
Iteako portua Delfostik hurbilen zegoen itsasorako irteera zen.