Caracasko Gipuzkoar Konpainia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia, Caracasko Gipuzkoar Konpainia edo Gipuzkoar Konpainia (gaztelaniaz sortua, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas edo Compañía Guipuzcoana izenaz) gipuzkoar merkataritza-konpainia bat izan zen 1728tik 1785era, eta monopolioa izan zuen Venezuelarekiko merkataritzan. Tabakoa, kakaoa eta kolonietako beste hainbat gai ekarri zituen Venezuelatik, eta hara hainbat produktu eta tresna esportatu. Konpainiak esklabuen trafikoan jardun zuen ere, Hugh Thomasen arabera, 1754 eta 1765 urte artean Caracaseko portuan 12.000 esklabu egindako pertsona sartu zituen.[2]
Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia | |||
---|---|---|---|
Mota | Merkataritza-elkarte publikoa | ||
Sorrera | 1728 | ||
Desagerpena | 1785 | ||
Egoitza | Donostia; Madril | ||
Presidentea | Frantzisko Munibe Idiakez, Peñafloridako kondea (1750 arte)[1] | ||
Akziodunak | Espainiako erregea, Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundi Nagusia, inbertsore pribatuak | ||
Kronologia | |||
|
Europako merkataritza-trafikorako garrantzi handikoa izan zen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrera bultzatu zuen. Modu erabakigarrian eraman zituen Ilustrazioko ideiak Venezuelara, Hego Amerikaren independentzia-mugimenduaren atarian eta, ordu arteko kontrabandoko itsasbideak baliatuz, Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerrako matxinoak armaz hornitu zituen. Donostiako Amara auzoan, Konpainiaren izena eta izana gogorarazten duen kalea dago.[3]