Burruntzi
From Wikipedia, the free encyclopedia
Burruntziak[1] Odonata ordenako eta Anisoptera (grezierazko ανισος anisos, "ezberdinak" + πτερος pteros, "hegalak", atzeko hegoak aurrekoak baino zabalagoak direlako)[2] subordenako intsektuak dira. Buru biribila, sabelalde luze eta mehea, lau hego garden eta zaintsu, eta omatidioez eratutako begi konposatu handiak dituzte. Beste odonatuei bezala, sorgin-orratz, mariburduntzi eta mariorratz izenak ere ematen zaizkie euskaraz.[3] Berriki, Epiprocta subordena sortzea proposatu da, Anisoptera eta Anisozygoptera subordenetako familia guztiak sartzeko.
Burruntzi | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Odonata |
Subordena | Anisoptera (Selys, 1854)
|
Askotan sorgin-orratzekin (Zygoptera) nahasten dira, antzeko itxura dutelako, baina, ondoko ezaugarria kontuan harturik, helduak erraz bereiz daitezke: pausatzen direnean, anisopteroek gorputz alboetarantz jartzen dituzte hegalak, horizontalean, eta zigopteroek, berriz, atzerantz oblikuoki bertikalean. Horrez gain, anisopteroak gorputz handikoak eta hegaldi azkarrekoak dira, eta zigopteroak argalagoak eta delikatuagoak.[4]