Bizkarretik sastakada eman izanaren mitoa
Lehen Mundu Gerraren bukaeran alemaniar gudariak traizionatu zituztelako sinesmena / From Wikipedia, the free encyclopedia
Bizkarretik sastakada eman izanaren mitoa (alemanez: «Dolchstosslegende») konspirazio teoria antisemita bat zen, 1918az geroztik Alemanian eskuin alderdietako zirkuluetan oso sinetsita eta aldarrikatuta izan zena. Sinesmen horren arabera, Alemaniako armadak ez zuen Lehen Mundu Gerra gudu-zelaian galdu; gerra fronte zibilaren traizioaren ondorioz galdu zen baizik. Traidoreak juduak izan ziren, sozialista iraultzaileen laguntzarekin[1]. Nolabait, horren bidez, militarren ardura eta ohorea zuritu nahi zuten, nahiz eta gerra berez galdu zuten; halaber, aurretik zabalduta zegoen antisemitismoa elikatzen zuten kondaira horrekin.
Adolf Hitlerrek eta Alderdi Naziak 1933an boterea eskuratu zutenean, elezaharra 20ko hamarkadako beren historia ofizialaren parte bihurtu zuten, Weimarko Errepublika «azaroko kriminalen» obra gisa aurkeztuz: boterea eskuratzeko «nazioa bizkarretik sastatu» zutenak. Propaganda naziak horrela deskribatu zuen Weimar: «"oposizio nazional" zintzoaren jazarpen gupidagabeko eta ustelkeria, endekapen eta umiliazio nazionaleko zingira; hamalau urtez judu, marxista eta boltxebike kulturalen gobernua pairatu ondoren, azkenean Hitlerrek eta haren mugimendu nazionalsozialistak 1933ko "iraultza nazionalaren" garaipena ekarri arte»[1].
Errealitateak, bestetik, eskuineko mitoaren erabateko faltsukeria adierazten du. Alemaniako eta Alemaniatik kanpoko historialariek aho batez arbuiatzen dute kondaira adieraziz armada alemaniarra erreserbarik gabe geratu zela, batez ere Estatu Batuak gerran sartu zirelako; ordurako, Alemania ezinean zebilen. 1918ko amaieran Alemaniako militarrek gerra galdua zuten[2][3].
Alemaniar askori «bizkarretik sastada» esamoldeak Richard Wagnerren 1876ko Götterdämmerung opera gogorarazten zien; opera horretan Hagenek bere etsai Sigfrido -historiako heroia- bizkarrean lantza bat sartuz hil zuen[4][3].