Auto elektriko
From Wikipedia, the free encyclopedia
Auto elektrikoa, bateriazko auto elektrikoa edo guztiz elektrikoa den autoa da motor elektriko batek edo gehiagok bultzatzen duen automobila, baterietan gordetako energia soilik erabiltzen duena. Barne-errekuntzako motorraren (BEM) ibilgailuekin alderatuta, auto elektrikoak isilagoak dira; eta, oro har, CO2 isuri txikiagoak dituzte.[1] Auto elektrikoen isuriak, nagusiki, auto elektrikoa mugiarazteko behar den elektrizitatea sortzean[2] eta autoaren fabrikazio prozesuan gertatzen dira: auto elektriko bat fabrikatzeak gasolinazko bertsio bera fabrikatzeak baino % 70 CO2 gehiago isurtzen du.[3] Gainerakoan, auto elektrikoak BEM autoen arazo larri berberak ditu, adibidez trafiko istripuak eta espazio publikoaren okupazioa. Gainera, BEM autoen aldean, eragozpen handi bat du: ingurumenean eta gizartean inpaktu larriak eragiten dituzten mineralak erauztea behar du, ahalmen handiko bateria fabrikatu ahal izateko.[4]
Auto elektrikoari behar duen elektrizitatea kargaguneetan ematen zaio; kargatzeko gune horiek etxeetan zein gune publikoetan jar daitezke.[5]
Salmentei dagokienez, 2023. urtearen bukaeran eta 2024. urtearen hasieran Mendebaldeko Europan behera egin dute auto elektrikoen salmentek, gobernuek emandako dirulaguntzak murriztu direlako. Horiek horrela, jende gehienak ez du aski diru-irabazirik auto elektrikoa erosi ahal izateko.[6] Lehenago, 2020. eta 2021. urteetan, Estatu Batuetan eta Europar Batasunean, gobernuek emandako dirulaguntzei esker, ibilgailu elektriko berrien jabetza-kostua BEM auto baliokideena baino merkeago ateratzen zen, erregai eta mantentze-kostu txikiagoak zirela eta.[7][8] 2021ean, mundu osoan, 6,6 milioi auto elektriko entxufagarri saldu ziren; 2020ko salmentak bikoiztu baino gehiago egin ziren, eta auto berrien merkatu globalaren % 9ko merkatu kuota lortu zuen.[9] Entxufagarriak ziren auto-salmenta guztien artean, erabat elektrikoak zirenak % 71 izan zen 2021ean.[10] 2021eko abenduan, 16 milioi auto elektriko entxufagarri zebilen munduko errepideetan.[9] Herrialde askotako gobernuek, ibilgailu elektriko entxufagarrientzako, pizgarriak ezarri dituzte auto elektrikoen erosketa bultzatzeko: zerga-kredituak, dirulaguntzak eta dirutan ez diren beste pizgarriak, eta beste hainbat herrialdek, airearen kutsadura murrizteko eta klima-aldaketa mugatzeko, erregai fosilen auto salmenta pixkanaka kentzeko legedia ezarri dute.[11][12][13]
Tesla Model 3 autoa munduan gehien saldu den auto elektrikoa bihurtu zen 2020 hasieran;[14] eta, 2021eko ekainean, milioi baten salmenta globala gainditu zuen lehen auto elektrikoa izan zen.[15] Adopzio zabala izan zuten aurreko modeloen artean, Mitsubishi i-MiEV eta Nissan Leaf japoniarrak dira. Sortzen ari diren automobilgintzako beste teknologia batzuekin batera, hala nola gidatze autonomoa, konektatutako ibilgailuak eta mugikortasun partekatua, auto elektrikoek Mugikortasun Autonomoa, Konektatua, Elektrikoa eta Partekatua (MAKEP) izeneko etorkizuneko mugikortasun-ikuspegi bat osatzen dute.[16]