Austria-Prusia Gerra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Austria-Prusia Gerra[1], Zazpi Asteetako Gerra edo Alemaniako Gerra Zibila Austria eta Prusiaren arteko gatazka militar bat izan zen. Prusia garaile irten zenez, Alemaniako estatu nagusi bihurtu zen.
Austria-Prusia Gerra | |||
---|---|---|---|
Alemaniaren Bateratzea | |||
Königgrätzeko gudu erabakiorra, Georg Bleibtreuren margolana | |||
Data | 1866 | ||
Lekua | Bohemia, Alemania, Italia eta Adriatikoa | ||
Emaitza | Prusiar-Italiar garaipena | ||
Lurralde-aldaketak | Prusia Hanover, Schleswig-Holstein, Hesse-Kassel, Frankfurt, Nassau eta Hesse-Darmstadtekin batzen da; Italia Veneziarekin batzen da. | ||
Gudulariak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
Gerra horrek oinarrian bi potentzia horiek Konfederazio Germaniarraren nagusitasuna lortzeko zuten norgehiagokan izan zuen. 1864an, Prusia eta Austria Dukerrien Gerran aliatuak izan ziren. Gerra honrr amaiera eman zion Gasteingo Konbentzioan ezarritakoaren arabera, Holsteingo dukerria Austriaren mende geratu zen, eta Schleswig eta Lauenburg, Prusiaren mende, baina bietako bat bera ere ez zen adostutakoarekin gustura geratu.
1865eko urrian, Miarritzen Otto von Bismarck kantziler prusiarrak Napoleon III.a austro-prusiar gatazka batetik kanpora geratuko zela aurreikusi zuen eta Prusiak Italiako Erresumari Venezia bereganatzeko laguntza emateko konpromisoa hartzen zuen. Napoleon III.ak gatazkak luze joko zuela uste izan zuen, baita bitartekari lanak egiteko aukera emango ziola ere eta, beharbada, lurralde abantailak jasoko zituela. Enperadoreak italiarren aurrean bitartekari lanak egiteko konpromisoa hartu zuen, Austriaren aurkako aliantza eraso-defentsiboarekin lortu zena, 1866ko apirilean sinatu zena.
Bismarck kantzilerrak nahita trabatu zuen austriarren Holsteingo kudeaketa, eta tropak bidali zituen dukerri hartara. Austriak Frankfurteko Dietari (hots, Konfederazioaren asanbladari) kexua agertu zion, Errusiaren neutraltasuna ziurtatu ondoren, eta Italiako erresumarekin zuen aliantzarekin kontatuz, Bavaria, Hanover, Hesse-Kassel, Saxonia, Würtemberg eta beste estatu batzuk Austriaren alde jarri ziren.
Austriak gerra adierazpena egin zuen 1866ko ekainaren 14an, eta Prusiako armadak Hanover eta Hesse-Kassel konkistatu zituen, Bohemia eta Saxonia inbaditu zituen, ondoren, armada austriarra garaitzeko uztailaren 3an, Sadowako guduan (Königgrätz, alemanez, gaur egun Txekiar Errepublikako lurraldean), Helmuth von Moltke jeneralak eginiko mugimenduari esker. Prusiar tropen mugikortasuna, trenbide sareari esker, erabakiorra izan zen garaipena lortzeko.
1866ko abuztuaren 23an, Pragako bakearekin, Konfederazio Germaniarra desagertu zen. Prusiak Hanover eta Hesse-Kassel bereganatu zituen, Austriak Holstein Prusiari eman zion, gerrako kalte ordaina ordaindu eta Venezia Italiari eman zion, Vienako Bakea sinatu ondoren. Prusiak Iparraldeko Alemaniar Federazioa eratu zuen eta Austriak bere gainontzeko lurraldeak 1867an sortutako Austria-Hungariako inperioan batu zituen.