Atlantida
Platonen idatzietan deskribatutako historiaurreko "kontinente" urperatua / From Wikipedia, the free encyclopedia
Atlantida (grezieraz Ἀτλαντὶς νῆσος, euskaraz "Atlasen uhartea") Platonen Timeo eta Kritias lanetan nazioek duten harrokeriari buruzko alegoria batean aipatzen den fikziozko uharte bat da. Euren itsas-flotaren indarraren bidez "Antzinako Atenas" setiatu zuten, Platonen Errepulikan aipatzen den estatu ideala[1]. Kondairan, Atenasek Atlantidaren erasoari aurre egin zion munduko beste inongo nazioak ez bezala[2], eta horrek Platonen estatu kontzeptuaren onura adierazten du[3]. Kondairan, Atlantidak jainkoen faborea galtzen du eta Ozeano Atlantikoan hondoratzen da.
Platonen lanean garrantzi txikiko elementua bada ere, Atlantidaren kondairak inpaktu nabarmena izan du literaturaren historian. Atlantidaren itxura alegorikoa Pizkundean berrartu zuten hainbat idazle utopikok, adibidea Francis Baconen New Atlantis lanean eta Tomas Morok Utopian[4][5]. Bestalde, XIX. mendeko ikerlariek Platoren narratiba gaizki interpretatu zuten, eta jatorri historikoa eman zioten, nabarmen Ignatius L. Donnellyk Atlantis: The Antediluvian World lanean. Platonen aipamen ez zehatzek, batez ere denborari dagokionez (bera bizi zen denbora baino 9.000 urte lehenago) eta Atlantidaren ustezko kokapena ("Herkulezen Zutabeetatik haratago") espekulazio pseudozientifiko ugari sortu zituen[6]. Ondorioz, Atlantida bilakatu zen historiaurreko zibilizazio galdu baina oso aurreratu baten epitomea, eta fikzio garaikidea aberastu zuen, komikietatik zinemara.
Gaur egungo filologoek eta klasizistek kondairaren fikzio-izaera babesten duten arren[7], oraindik eztabaidagai da zein izan zen kondairaren jatorriaren inspirazioa. Jakina da Platonen hainbat alegoria eta metafora hartu zituela ahozko tradizio zaharretik, adibidez Gigesen Eraztunarekin egin zuen bezala[8]. Horregatik, ikerlari askok Atlantidaren kondairaren jatorria bilatzen dute, adibidea erupzio minoikoaren Egiptoar erregistroetan[9][10], itsasoko herrien inbasioan[11] edo Troiako gerran[12]. Beste batzuek proposatzen dute kondaira guztia ez dela sinisgarria eta Platonek hutsetik sortu zuela fikzioa[13][14][15], benetako gertaera batzuetan inspiratuz, adibidez Atenastarren espedizioa Siziliara K.a. V. mendean edo Helikeren suntsipena K.a. 373an.