Astronomiaren historia
Astronomiaren historiari buruzko artikulua / From Wikipedia, the free encyclopedia
Astronomiaren historia, historian zehar astronomiaren inguruan lortu diren behaketa, aurkikuntza eta ezagutzen kontaketa da. Astronomia gizakiak nomada izateari utzi zionean hasten da, hau da, sedentario bihurtzen hasi zenean. Lehenengo zibilizazio edo komunitateak osatu zirenean, astroekiko interes gero eta handiagoa zuen. Gizakiek askotan erabili dituzte izarrak, ehizarako garairik onenak zeintzuk ziren jakiteko edo fruitu edo bestelako elikagaiak noiz bildu jakiteko. Bestalde, negua noiz zetorren jakiteko ere baliagarri suertatu zaio astronomia, urtaro hau iritsi baino lehenago konturatzen baitziren bazetorrela eta beraz, prestatzeko denbora gehiago lortzen zuten.[1][2]
Gizakia bizi izan den leku guztietan aurkitu izan dira astronomiarekiko interesa adierazten dituzten arrasto edo jakintzak. Hau horrela izanda, astronomoen lanbidea gizakiak sortu dituen zaharrenetako bat dela argi geratzen da, gizakiaren kultura guztietan beraien txokoa duelako.
Zeruaren aldaezintasuna, gizakiak garai batean azaldu ezin zituen benetako aldaketa batzuek itxuraldatzen dute, aldaketa hauek, zeruan jainko ahalguztidunak zeudenaren ideia zabaldu zuten, jainko hauek baretzeko opariak edo gauza preziatuak eman behar zitzaizkien, bestela gizakiarenak ziren jabetzak suntsituko zituztelako, garai haietako gizakien ustetan.[3] Ideia erlijioso hauek astroen azterketan eragin handia izan zuten mendeetan zehar, zientzia poliki-poliki lehen aipatutako aldaketa eta fenomenoak argitzen hasi zen arte. Esan beharra dago, fenomenoak azaltzen hasi ziren zientzialarien eta kasu honetan, astronomoen ideiak ez zirela hartu modu baketsuan, askotan erlijioaren aurkako ideiak azaltzeagatik atxilotuak, epaituak edo batzuetan, zigortuak ere izaten zirelako. Gaur egun, sineskeria bezala hartzen ditugu garai bateko ideia erlijiosoak zirenak.