Arabo-Bizantziar Gerrak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Arabo-Bizantziar Gerrak musulmanen (gehienbat arabiarrak), eta Ekialdeko Erromatar edo Bizantziar Inperioaren arteko gerra sorta bat izan zen, K.o VII. eta XI. mendeen artean burututakoak. K.o. VII. mendeko kalifa ortodoxoen eta omeiatarren erregealdietan, hedapen musulmanaren baitan hasi ziren, eta ondorengoekin jarraitu zuten, XII. mendearen erdialdera arte.
Arabiar penintsulako arabiarrek 630eko hamarkadan egindako oldarraldiek beren hegoaldeko probintzietatik (Sortalde eta Egiptoko elizbarrutiak) desjabetu zituzten bizantziarrak. Hurrengo berrogeita hamar urteetan, kalifa omeiatarrek, oraindik ere, eraso batzuk egin zituzten bizantziarra zen Asia Txikiaren aurka; birritan mehatxatu zuten hiriburu inperiala (Konstantinopla), eta erabat bereganatu zuten Afrikako Exarkatua. Egoera ez zen egonkortu Konstantinoplaren bigarren setio arabiarraren porrota arte, 718an. Bi etsaien arteko muga Taurus mendietan finkatu zen, Asia Txikiaren ekialdeko ertzean. Inguruan, ia despopulatua, bi Estatuen defentsa indartsuak sortu ziren. Kalifa abbastar garaian, bizantziarren eta musulmanen arteko harremanak normalizatu ziren; enbaxaden trukea eta tregoa-aldi batzuk ere sinatu ziren, baina gatazkak ohiko izaten jarraitu zuten. Bai abbastar gobernuak, bai tokiko jauntxoek ia urtero erasoak eta etsaien kanpainen errepresalia-ekintzak antolatzen zituzten X. mendea luze joan arte.
Lehen mendeetan, bizantziarrak, oro har, defentsan jardun zuten, eta guduak saihestu zituzten; nahiago baitzuten beren gotorlekuetara erretiratu. 740. urtearen ondoren hasi ziren kontraerasoak egiten, nahiz eta, oraindik, abbastar inperioak Asia Txikian zigor-espedizio handiekin erantzuteko gai izan. 861. urtearen ostean, abbastar estatuaren gainbehera eta zatiketarekin eta Mazedoniako dinastiaren mendeko Bizantziar Inperioaren[1] indartze paraleloarekin, egoera, pixkanaka, aldatzen hasi zen. Mende erdian zehar (920tik 976ra inguru), azkenean, bizantziarrek musulmanen defentsak hautsi, eta Siria iparraldeko eta Armenia Handiaren gaineko kontrola berrezarri zuten. Arabiar-Bizantzio gerren azken mendean, Sirian, fatimitarrekin muga-gatazkak izan ziren nagusi, baina muga egonkor mantendu zen herri berri bat agertu arte, seljuktarrak, 1060tik aurrera eskualdean eragiten hasi zirenak[2].
Musulmanak nagusi izan ziren itsasoan ere, eta 650. urtetik aurrera, Mediterraneo osoa bizantziar eta musulmanen arteko gudu zelai bihurtu zen; bi aldeek uharteen eta kostaldeko enklabeen aurkako erasoak eta kontraerasoak egin zituzten. Islamiarren erasoak IX. eta X. mende hasieran iritsi ziren bere gorenera; Kreta, Malta eta Sizilia konkistatu ondoren, ontzidi musulmanak Frantziako kostaldeetara, Dalmaziara eta baita Konstantinoplako periferiara ere iritsi ziren.