Agnotologia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Agnotologia kulturak sortutako ezjakintasuna ikertzen duen ikerketa eremua edo zientzia da. Batez ere, datu zientifiko okerren edo helburu alderdikoiak dituztenen zabalkundeari lotuta dago.
Stanfordeko irakasle Robert N. Proctorrek hauspotu zuen hitz hori, grezierazko ἄγνωσις, agnōsis, (ez ezagutza edo ezjakintasuna) eta -λογία, logia (zientzia) hitzak batuz. Proctorrek tabako-industriaren publizitate-kanpaina aipatu du adibide nagusitzat, tabako-kontsumoak osasunean dituen ondorio kantzerigenoei eta bestelako ondorio kaltegarriei buruzko zalantzak sortzeko. [1] [2] Orokorkiago, terminoak gai baten inguruan gehiago ezagutzeak norbera lehen baino zalantzazkoago uzten duen baldintza ere nabarmentzen du.
Gaur egungo ikertzaileek aztertzen dutenez, agnotologia datu ugaritasunarekin ere lotu daiteke. Izan ere, gai bati buruz informazio gehiegi eta konplexuegia jendarteratzeak pertsona askorengan, ezagutza eta ulermena handitu beharrean, nahasmena eta ezjakintasuna hedatzen dituela ulertzen da. Robert N. Proctor beraren iritziz, botere militar, politiko zein ekonomikoek berariaz bultzatzen dute prozesu hori, interes jakinak bultzatzeko helburuz. Besteak beste, klima aldaketa edota tabakoak sortutako osasun arazoen inguruko nahasmena aipatzen dira agnologiaz aritzerakoan.
Kulturalki eragindako ezjakintasunaren kausa aktiboen artean, komunikabideen, korporazioen eta gobernu-agentzien eragina aurkitu dezakegu, hau , informazioa sekretupean sartuz eta ezabatuz, dokumentuak suntsituz eta memoria selektiboaren bitartez eragiten dute. [3]
Beste adibide bat aldaketa klimatikoaren ukatzea da, petrolio konpainiek zientzialari taldeei ordaindu baitzieten klima aldaketaren ondorioei garrantzia kentzeko.[4] Kausa pasiboen artean, informazio-burbuila estrukturalak aurkitzen dira, hauek arraza- eta klase-bereizketak sortutakoak dira eta informaziorako sarbide diferentziala sortzen dute.
Agnotologiak, halaber, aintzat hartzen ez diren edo atzeratzen diren hainbat ezagutza-modu zergatia eta nolakotasuna ere aztertzen du.