AEBko Kapitolioko istiluak (2021)
2021eko urtarrilaren 6an, protestari taldeek Washingtongo Kapitolioan eragin zituzten istiluak eta okupazioa, AEBko hauteskundeetako azken emaitzen kontra / From Wikipedia, the free encyclopedia
AEBko Kapitolioko istiluak 2021eko urtarrilaren 6an gertatu ziren, Washington DCn Donald Trumpen aldeko protestari taldeek poliziari aurre egin eta kongresuaren eraikin ofizial hori okupatu zutenean. Protestariak Donald Trump AEBko jarduneko presidentearen aldeko manifestazio bateko partaide ziren, Save America goiburukoa, Mike Pence presidenteordeari 2020ko Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan Joe Bidenen garaipena ontzat ez ematea eskatzen ziona.[1][2]
Asteazken goizean, urtarrilak 6, milaka protestarik Washington Monument inguratu zuten. Hainbat pertsonak The Ellipsen hitzaldiak eman zituzten, besteak beste, Rudy Giuliani aholkularia eta Trump bera. Giuliani jendeari zuzendu zitzaion, eta konspirazio teoria hutsalak errepikatu zituen, hauteskundeetan bozkatzeko makinak "okerrak" zirela esanez. Trumpek hitzaldi bat eman zuen kristalezko hesi baten atzetik, hedabideei eraso eginez eta hauteskunde emaitzak iraultzeko dei eginez, Penceren botere konstituzionalaren barruan ez dagoen zerbait.[3]
Protestariak Kapitoliora sartu ahala, poliziak Capitol Hilleko eraikin batzuk ebakuatu zituen, eta manifestariek lortu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioan sartzea, baita Estatuen Gela Nazionalean ere.[4] Kapitolioko okupazio eta istiluetan bost pertsona hil ziren: lau protestari eta polizia bat.[5] Asteazken horretan bertan, 61 pertsona atxilotu ziren Kapitalioaren okupazioko istiluen inguruan; gero, gehiago atxilotu zituzten.[6]