Behigorri
euskal mitologiako pertsonai mitikoa / From Wikipedia, the free encyclopedia
Behigorri edo Zezengorri, Euskal Herriko mitologiaren izakia da, lur azpian, leizeetan bizi omen den irelu erasokorra[1]. Kolore gorriko behi, idi, txahal, txekor edo zezenaren itxura hartzen omen du[2]. Handik ateratzen da batzuetan bere santutegiak defendatzeko bertara sartu nahian diren edota, besterik gabe, hurbiltzen diren pertsonei erasotzeko.
- Artikulu hau Euskal Mitologiako irelua buruzkoa da; Behi azienda gaitzat duena beste hau da: «Piriniar behi»
Behigorria da, zalantzarik gabe, behi aziendaren inguruan Euskal Herrian kondaira, elezahar eta sinesmen gehien biltzen duena.
Itxuraz Euskal Herriko mendietan bizi diren behi betizuen antzekoa da, eta Mariren etxeak edota jendearen gogoan belaunaldiz belaunaldi gordetako eta lur azpian ezkutatutako altxor mitikoak zaintzen omen ditu. Sarritan megalitismoarekin zein antzinako eraikuntzekin lotutako altxorrak dira hauek. Trikuharriak, mairu-baratzak, kastroak...
Euskal Herriko kondaira eta sinismenetan ohikoak dira animali itxura hartzen duten irelu edo jenioek. Sarritan etxeko animalienak. Zakurrak, behiak, zaldiak, zerriak, katuak...
Euskal Mitologian zezen gorria Marirekin lotuta agertzen da, eta lehen esan bezala, askotan leize eta harpe ezberdinen biztanle eta zaindaria da. Beste batzuetan Mari bera da hauetako abere batean eraldatzen dena. Halako abereak Mariren berraragiztatzea edo avatarra bilakatzen dira orduan.
Behiak ugalkortasunaren sinbolismoari lotuta egon dira zenbait kulturetan, esate baterako hainbat herri indoeuroparretan[3] eta dirudienez baita gurean ere. Hauxe izango genuke behigorrien eta Mariren arteko beste harreman bat.
Ezin ahaztu alde hartatik, euskal leizeetan azaltzen diren labar-pinturetan basa-zezena edo uroa maiz agertzen dela, Altxerrin eta Santimamiñen adibidez. Margo hauek aspaldiko basa-zezen inguruko sinesmen magiko edota totemikoak adierazi ditzakete Jose Miguel Barandiaranen ustez.