Txikipedia:Tragedia greziarra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Tragedia greziarra antzinako Greziako antzerki-forma bat da, eragin handia izan zuena Antzinako Erromako eta Berpizkundeko antzerkigintzan. Atenasen iritsi zen bere momenturik onenera, K.a. V. mendean, Periklesen mendean; arteen eta letren garapen izugarria gertatu zen garai hartan. Uste da Dionisoren omenez egiten ziren antzinako errituetan duela jatorria tragedia greziarrak, eta lotuta dagoela Naturaren zikloaren gurtzarekin.
Lan tragikoak Dioniso jainkoaren omenezko jaietan antzezten ziren abesti eta elkarrizketa koraletatik sortu ziren. Hiritar aberatsak aukeratzen zituzten arropa-gastuak eta koruaren formaziorako gastuak ordaintzeko; betebehar publiko eta erlijiosoa zen. Emanaldiak Dionisoren antzoki handian egiten zituzten, aire zabalean, Atenasen. Poeta handi guztiak leihatzen ziren lan onenen sariengatik.
Kontakizun tragikoak sarri oinarritzen ziren heroietan eta epopeia arkaikoetako ahozko tradizioko mitoetan. Orokorrean, belaunaldiz belaunaldi gatazkan dauden familiak aurkezten ditu: odolarekin batera, ezinbestean hartzen dute oinordetzan patu bat, madarikazio bat edo ardura bat. Antzerki tragikoan aktoreek antzezten zituzten narrazio horiek.
Garai klasikoan idatzi eta antzeztu zituzten ehunka lan dramatikoen artean, hiru egileren lan gutxi batzuk baino ez zaizkigu iritsi; Eskilorenak, Sofoklesenak eta Euripidesenak, hain zuzen ere. Egile horiek giza naturari lotutako gai ugari landu ohi zituzten, batez ere publikoarekin konektatzeko bide gisa, baina baita haien lanean sartzeko modu bezala ere.
Aristoteles filosofoak esan zuen Euripides zela poeta guztietan tragikoena, haren lanak zirelako hunkigarrienak. Euripidesen lanak antzinako beste edozein poetarenak baino sarriago antzezten dira gaur egun.