Txikipedia:Metal Aroa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Metal Aroa historiaurreko garai bat izan zen. Orain dela 7.000 bat urte hasi zen, Neolitoaren amaiera aldean. Garai hartan gizarte aurreratuenak metala erabiltzen hasi ziren (batez ere kobrea, eztainua, brontzea eta burdina), tresnak eta armak egiteko.
Prozesu hori ez zen munduko leku guztietan aldi berean gertatu, eta ez ziren metal berak erabili leku guztietan ezta ere. Izan ere, Metal Aroa Europako eta Asiako historiaurrearen sailkapenean bereizten da, hainbat zibilizaziok ia ez zutelako ezagutu metalgintza, hala nola natibo amerikarrek.
Metal Aroak Harri Aroaren amaiera markatu zuen, eta K.a. 1000. urtera arte iraun zuen, hau da, historiaurrearen amaierara arte.
Metalgintzaren garapen handia brontzea sortu zenean gertatu zen, kobrea eta eztainua nahasi zirenean. Tresna eta arma gogorragoak eta iraunkorragoak egiteko erabili zen. Kobrearen galdaketaren lehen aztarnak K.a. 5000. urtekoak dira. Europan gertatu zen, Balkanetako penintsulan, K.a. V. milurtekoaren erdian, eta kontinente osora hedatu zen hurrengo mendeetan.
Garai hartarako, gizaki-talde ugarik bizitza sedentarioa zeukaten, nekazaritzan oinarritutakoa. Bestalde, Neolitoan metalak erabiltzen ziren, baina ez urtuak, baizik eta mailuekin landutakoak. Hau da, zibilizazio-fase berri hau bereizten duen ezaugarria metalen galdaketa da benetan.