Txikipedia:Liberalismo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Liberalismoa pentsamendu, ideologia edo mugimendu politiko bat da. Liberalek ideia jakin batzuk dituzte jendearen elkarbizitzari buruz. Liberal hitza latinez “aske” esan nahi duen liber hitzetik dator. Liberalismoaren ideien artean, askatasun pertsonala eta askatasun ekonomikoa bereizten dira.
Liberalek jendeak askatasuna izatea nahi dute, batez ere, ekonomiarekin zerikusia duten gaietan. Horrez gain, ez dute nahi gobernuak harreman ekonomiko horiek arautzea edo legerik egitea. Horregatik, liberalek gobernu txiki eta pasiboa nahi dute, arauen bidez herritarren askatasuna mugatuko ez duena. Hala ere, liberal batzuen ustez gobernuek bai ezarri behar dituzte arauak eta debekuak, herritar batzuen askatasunek besteei kalterik ez eragiteko.
Ekonomian interes handiena duten liberalen arabera, gobernuak ahalik eta erraztasun gehien jarri behar ditu enpresak sortzeko, eta ahalik eta arau gutxien haien funtzionamendua bideratzeko. Horien ustez, enpresek hobeto funtzionatzen dute langileak kaleratzea errazagoa bada, enpresetan lan gutxi dagoenean edo zailtasunak dituztenean. Gaur egun, kasu horietarako, langileek eskubide batzuk dituzte eta enpresaburuek bete egin behar dituzte. Baina lehengo garaietan, adibidez XIX. mendearen bigarren erdian, haurren lana ere defendatzen zen. XIX. mendearen amaieran liberalismo soziala sortu zen, haurren esplotazioaren aurka zegoen liberalismoaren barruko mugimendua.
Liberalen iritziz, jendeak oso zerga gutxi ordaindu beharko lizkioke estatuari. Hori pentsatzen dute uste dutelako enpresa pribatuek eskaini beharko lituzketela estatuek ematen dituzten eta, ondorioz, publikoak diren zerbitzu batzuk. Zerbitzu horien artean hezkuntza eta osasuna daude. Horrez gain, lan asko egiten dutenek eta bizimodua hobetzeko ahaleginak egiten dituztenek diru asko irabazi behar dutela ere uste dute, eta lan gutxiago egiten dutenek, aldiz, gutxiago irabazi behar dutela.
Bestalde, liberalismoak askatasun pertsonalak ere defendatzen ditu. Askatasun pertsonalak norberak nahi duen bezala bizitzeko askatasuna izatea da. Hori dela eta, norbanakoen eskubideek ondo babestuta egon behar dute, horrek aukera gehiago ematen baitizkie jendeari bizitza nahi bezala garatzeko. Horregatik, liberalak homosexualen arteko ezkontzaren eta abortuaren alde daude, adibidez.