Txikipedia:Klase-borroka
From Wikipedia, the free encyclopedia
Klase-borroka klase sozialen (gizartea osatzen duten sektoreen) arteko tirabira edo gatazka da. Gatazka edo borroka hori klase sozial bakoitzak interes ezberdinak eta, batzuetan, aurkakoak dituelako gertatzen da. Karl Marxek sortu zuen "klase-borroka" kontzeptua, eta ekonomia-ereduei buruzko teoria marxistaren oinarrizko ideia da.
Marxek zioenez, historia klase sozialen arteko etengabeko borroka da, ekoizpen-bitartekoak kontrolatzeko egiten dutena. Ikuspegi marxistaren arabera, beti izan dira bi bloke handi historian zehar: menderatzaileak eta menderatuak, edo, bestela esanda, aberatsak eta txiroak. Menderatzaileek lurraldea eta ekoizpen-bitartekoak kontrolatzen dituzte; eta menderatuak lan-indarra dira. Historiako aroaren arabera, bi bloke horiek ugazaba eta esklaboa, patrizioak eta plebeioak, jaun feudalak eta jopuak izan ziren, eta, egungo gizarte industrialean, kapitalistak eta langileak dira.