Txikipedia:Karibe itsasoa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Karibe itsasoa ozeano Atlantikoko itsaso bat da, Erdialdeko Amerikaren ekialdean eta Hego Amerikaren iparraldean kokatua. Antilletako itsasoa ere deitzen zaio, izen bereko uharteen hegoaldean eta mendebaldean kokatuta dagoelako.
Iparraldean Antilla Handiak deiturikoekin (Kantzer tropikoaren hegoaldean kokatuak) egiten du muga —Kuba, La Española (Haiti eta Dominikar Errepublika) eta Puerto Rico—, ekialdean Antilla Txikiekin, hegoaldean Venezuela, Kolonbia eta Panamarekin, eta mendebaldean Mexiko, Belize, Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Costa Ricarekin.
Karibe itsasoa munduko itsasorik handienetako bat da eta 2.763.800 km² inguruko azalera du. Punturik sakonena Kaiman uharteetako fosa da, Kuba eta Jamaikaren artean eta itsas mailaren azpitik 7.686 metrora kokatua. Karibean kostalde-hedadura eta uren hedadurarik handiena dituen herrialdea Venezuela da. Karibearen itsasertzak golko eta badia asko dauzka: Samana badia, Bahía de las Águilas eta Venezuelako, Morrosquilloko, Darieneko eta Honduraseko golkoak.
“Karibea” Karibe itsasoak, bertako uharteek eta itsasoa inguratzen duten kostek osatutako eskualdea da.
Karibe itsasoa ozeano Pazifikoarekin komunikatzen da Panamako kanalaren bitartez.