Txikipedia:Jupiter
From Wikipedia, the free encyclopedia
Jupiter eguzki-sistemako planetarik handiena da, Eguzkitik hasita bosgarrena. Ez da planeta solido bat, Lurra den bezala: gasez osatuta dago osorik, batez ere hidrogenoz eta helioz. 1.000 km inguruko atmosfera du,
hodeiz osatua.
Erromatarren mitologiako Jupiter jainkoagatik du izen hori. Izan ere, gizakiak aspaldi-aspalditik ezagutzen du planeta hau: begi hutsez ikus daiteke gaueko zeruan; izar distiratsu bat dirudi, baina ez du dirdir egiten. Ilargiaren eta Artizarraren ondoren, gaueko zeruko gorputzik argitsuenetako bat da.
Jupiterrek 143.000 km-ko diametroa du, Lurrarena baino 11 aldiz handiagoa. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera 1.300 Lur sar litezkeela haren barruan.
Gutxi gorabehera, eguzkitik 750 milioi kilometrotara dago, eta ia 12 urte behar izaten ditu orbita oso bat egiteko. Bestetik, bere ardatzaren ingururan oso azkar jiratzen du: errotazio bat egiteko, 9 ordu eta 53 minutu besterik ez ditu behar!
Jupiterrek 63 satelite natural ditu. Handienak Io, Europa, Ganimedes eta Kalisto dira.