Txikipedia:Italiera
From Wikipedia, the free encyclopedia
Italiera Europan hitz egiten den hizkuntza bat da. Batez ere Italian hitz egiten da, baina italiera bera edo italiar jatorriko hizkuntzak erabiltzen dira Suitzako zati batean, Frantziako Korsikan, San Marinoko Errepublikan eta Vatikanoan. Kroazia, Malta, Albania, Libia eta Eritreako zenbait lekutan ere badaude italieradunak. Mundu osoan, 70 milioi hiztun inguru ditu.
Hizkuntza erromantzea da, hau da, latinetik datorrena. Dena dela, latina modu desberdinean aldatu zen gaur egun Italia deitzen dugun herrialdean, eta, horren ondorioz, hainbat edo hizkera edo dialekto desberdin sortu zituen. Hizkera horietako batean idatzitako testuren bat gordetzen duen lehen dokumentua K.o. 960. urte ingurukoa da eta lur-auzi batekin zerikusia duen testu bat da; latinez idatzita dago, baina badu esaldi bat, latina ez den hizkera erromantze batekoa dela esateko modukoa.
Italierak musikan du oso garrantzi handia; izan ere, opera asko eta asko italieraz daude. Garrantzi horren eraginez, musikari buruz hitz egiterakoan italierazko hitz asko erabiltzen dira beste hizkuntzetan; adibidez, opera (berez "lana" edo "obra" esan nahi du), allegro ("alai" edo "arina" esan nahi du), kontzertu (concerto hitzak "batera jo" edo esan nahi du), sopranoa. Era berean, musika-tresna askoren izenak italieratik datoz: biolina (violino), piano (italieraz, "motel" esan nahi du).