Txikipedia:Haitzulo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Haitzuloa lurpean edo haitzetan dagoen zulo edo barrunbe bat da, normalean kanpoaldera irekita dagoena. Beste hitz asko erabiltzen dira euskaraz kontzeptu honetarako: koba edo kobazuloa, leize edo leizezuloa, harpea, etab.
Historiaurrean, gizakiek bizileku eta babesleku bezala erabili zituzten. Haietako batzuetan, aspaldiko gizakiek egindako margoak aurkitu dira.
Haitzuloen jatorria eta ezaugarriak ikertzen dituztenei espeleologo deitzen zaie, eta haien jarduera edo jakintza-alorrari espeleologia. Berez sortutakoak direnei deitzen diete haitzulo espeleologoek; gizakiak egindakoak direnei, berriz, tunel edo galeria deitzen zaie.
Batzuetan, haitzulo batzuk beste haitzulo batzuekin elkartuta egoten dira; munduan badira oso haitzulo-multzo luzeak; inon dagoen haitzulo-multzorik luzeenak 652 km ditu eta Estatu Batuetan dago: Mamutaren Haitzuloa deitzen da (Mammoth Cave). Beste haitzulo batzuk, berriz, sakontasun handietaraino iristen dira; Georgian bada haitzulo bat 2 kilometroko sakonera duena. Euskal Herriko haitzulorik luzeenetako bat Arrikrutz izenekoa da, Oñati aldean, Gipuzkoan; guztira, 14 km inguru ditu.