Txikipedia:Geografia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Geografia Lurraren azala aztertzen eta deskribatzen duen jakintza edo zientzia da. Izena grezierazko bi hitz elkartuz sortua da: geos (lurra) eta grafein (idatzi edo marraztu), eta, beraz, lurra nolakoa den esatea edo marraztea esan nahi du, etimologiari (hitzaren jatorriari) begiratuz. Geografiaz arduratzen diren adituak geografoak dira.
Beste zentzu batean ere erabiltzen da geografia hitza: delako lurralde edo herrialde baten azala edo azalera esateko; adibidez, halako lurralde batek "geografia menditsua" dela esaten denean, lurralde hori menditsua dela esan nahi da. Aditu batzuen arabera, erabilera hori ez da oso zuzena eta baztertzea gomendatzen dute.
Geografia deritzan zientziak Lurraren azaleko osagaiak azaltzen ditu: kontinenteak, itsaso eta ozeanoak, mendiak, ibaiak, hiriak eta herrialdeak.