Txikipedia:Feminismo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Feminismoa gizartean emakumeen eskubideak bultzatzea bilatzen duen ideia eta mugimendua da. Pentsamendu feministak emakumeak gizarteko maila guztietan (politikan, lan munduan, familian, etab.) duen estatus edo egoera hobetu eta emakume eta gizonen arteko desparekotasunak desagertarazi nahi ditu.
Feminismoa, ordea, ez da bakarrik emakumeen mugimendua, hainbat gizonezko ere baitaude feminismoaren ideien alde. Gainera, emakume guztiak ez dira feministak; askok gizarteak tradizionalki ezarri dizkien rolak onartzen dituzte eta ez dute horretan inolako gauza okerrik edo bidegabekorik ikusten.
Kontuan izan beharra dago emakumeak gizonezkoen azpian edo gizonen mende egon direla historian, ia leku eta garai guztietan, eta oraindik egoera hori ez dela aldatu leku askotan eta gizartearen hainbat eta hainbat esparrutan, baita feminismoari esker emakumeen egoera asko hobetu duten gizarteetan ere. Izan ere, egia da munduko herrialde askotan hobekuntza garrantzitsuak egon direla emakumeen egoeran (boto-eskubidea, abortatzeko eskubidea, dibortzio-eskubidea, etab.), baina, hala ere, herrialde askotan oraindik ere asko falta da emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, baita herrialderik aurreratuenetan ere.