Txikipedia:Euskal Herriko erliebea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Herriko erliebea nahiko menditsua da, Pirinioak iristen baitira bertaraino; mendirik garaienak ipar-ekialdean daude, eta Hiru Erregeen Mahaia izenekoa da denetan altuena bere 2.428 metroekin.
Euskal Herriko erliebean, hiru eremu bereizi behar dira:
- Euskal Herri atlantiarra: Atlantiko itsasoaren eragina du, klima ozeanikoa eta Europa kontinentalera irekia dago. Bizkaiak, Gipuzkoak eta Iparraldeko hiru probintziek osatzen dute.
- Euskal Herri mediterranearra: klima mediterraneoa duena, laua eta iberiar goi-lautadari irekia. Kostaldeko lurraldea baino altuago dago (batez beste, 300 eta 700 m bitartean). Arabako lautada, Iruñeko arroa, Arabako Errioxa eta Ebroko harana daude bertan.
- Bitarteko mendialdea: Euskal Herri atlantiarraren eta mediterranearraren arteko mendi txikiez osatua. Klima ozeanikoaren eta mediterranearraren arteko trantsizio klima du.
Euskal Herria txikia izan arren, haren erliebean era askotako egiturak eta paisaiak daude, ezaugarri oso desberdinak dituztenak: eskualde menditsu eta hezeak ipar-ekialdean, eta eskualde lauak eta lehorragoak Araba eta Nafarroan, bai eta basamortua ere Nafarroako hegoaldean.
Ezaugarri desberdin horiek eragin handia dute eskualde bakoitzeko kliman eta landaretzan, baliabide naturaletan, ekonomian eta biztanleen bizimoduan. Honako hauek dira nabarmentzen diren unitateak: Pirinioak, Euskal Herriko mendiak, Ebroko sakonunea eta Akitaniako edo Aturri ibaiaren arroa.