Txikipedia:Erromatar Monarkia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Monarkia izan zen antzinako Erromaren lehen gobernu-modua. Romulok Erroma sortu zuenetik Errepublika ezarri zen arte (K. a. 509. urtea), zazpi erregek gobernatu zuten Erroma, guztira 250 urtez. Lehendabiziko lauak latindar eta sabinar jatorriko artzain eta nekazariak ziren; azken hirurak etruskoak. Erregetza, ordea, ez zen hereditarioa; hau da, ez zen igarotzen aitarengandik semearengana, herriak hautatzen baitzituen.
Zazpi erregeen agintaldiko urteetan, Erroma Lazioko beste herri eta hiri guztien gainetik nagusitu zen. Baina azken erregeak hain oroitzapen gorrotagarria utzi zuen erromatarren gogoan, non hauek betiko arbuiatu baitzuten monarkia; politikari erromatarren artean ezin zen traizio okerragorik egin errege bihurtu nahi izatea baino. Geroagoko enperadoreen gaiztakeriak erregeena baino askoz handiagoak izan ziren arren, Erromak ez zuen berriro erregerik eduki.