Txikipedia:Errepublika
From Wikipedia, the free encyclopedia
Errepublika gobernu-mota bat da; bertan, jendeak hautatzen ditu beren agintariak. Gobernu errepublikanoa duten herrialde gehienetan, jendeak aukeratzen du gobernuburua, presidente edo lehendakaria adibidez. Beste pertsona batzuk ere hautatzen dituzte, legebiltzarkide izenekoak, legeak egiteko.
Errepublika batean, agintariek erantzunkizuna dute boto-emaileen aurrean. Jendeak ez badu gustuko agintarien gobernatzeko era, postutik bota ditzakete. Horrek esan nahi du jendea dela botere-iturria. Ezaugarri horrek banatzen ditu errepublikak eta errege edo erregina batek edo diktadore batek gidatutako herrialdeak.
Gaur egun herrialde gehienak dira errepublikak, hau da, jendeak aukeratzen ditu beren buruzagiak; errepublika horiek demokraziaren arabera funtzionatzen dute. Estatu Batuak, Mexiko, India, Frantzia, Kenya, Hego Korea, edo Indonesia munduan dauden benetako errepubliken adibide txiki bat baino ez dira.
Herrialde batzuek errepublikak direla diote, buruzagia monarka bat (errege edo erregina bat) ez delako, besterik gabe. Ez dira beti demokraziak, herriak benetan ez duelako bere agintariak aukeratzeko eskubiderik.
Beste herrialde batzuk demokratikoak dira baina ez dira guztiz errepublikak ere. Erresuma Batuan edo Espainian, jendeak Parlamentuko (legeak egiten dituen erakundeko) ordezkariak hautatzen ditu boto bidez. Monarka bat ere baduten arren, egiazko botere gutxi dauka.