Txikipedia:Elementu kimiko
From Wikipedia, the free encyclopedia
Atomo mota bakarra duen substantzia da elementu kimikoa. Beraz, substantziak atomo mota bat baino gehiago badu, konposatua da. Elementua solidoa, likidoa edo gasa izan daiteke. Elementu horren partikularik txikiena atomoa da. Eta atomoak protoiz, neutroiz eta elektroiz daude osatuta.
Esan bezala, substantziek atomo mota bakarra dute. Atomo batean, protoi kopuruari zenbaki atomikoa deritzo. Adibidez: 6 protoidun atomo guztiak karbono elementu kimikoaren atomoak dira, eta 92 protoidun guztiak uranio elementuarenak dira.
Nukleoko protoien kopuruak karga elektrikoa zehazten du. Horrek elektroi kopurua finkatzen du haren egoera normalean (ez ionizatuan). Elektroiek, beren orbital atomikoetan, atomoaren hainbat propietate kimiko zehazten dituzte.
Substantzia mota guztiak osatzeko oinarrizko osagaiak dira elementuak. Eta elkarrekin konbinatzen direnean, molekulak sor ditzakete.
Kimika modernoan, 118 elementu ezagutzen ditugu. Elementu horien artean, 92 naturan aurki ditzakegu; eta, besteak soilik laborategietan sor ditzakegu. Horretaz gain, 26 elementuk osatzen dute giza gorputza. Bestalde, naturan aurkitutako azken elementua uranioa izan zen, 1789an. Gizakiak sortutako lehenengo elementua, berriz, teknezioa izan zen, 1937an.
Elementu kimikoak taula periodikoan daude antolatuta. Taula periodikoan, elementuaren kokapenak adierazten digu zeintzuk diren haren propietateak besteekin alderatuta.