Txikipedia:Brontze Aroa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Brontze-aroa gizakien historiaurreko garai bat da; zehazki, gizakiak brontze izeneko metala (eztainua eta kobrea nahasiz lortutakoa) erabiltzen hasi zen garaia. Hori hobekuntza handia izan zen gizakiak erabiltzen zituen tresnetarako, brontzea askoz gogorragoa delako ordura arte erabiltzen zen kobrea baino. Brontzeari esker, aldaketa asko gertatu ziren historiaurreko gizarteetan, besteak beste brontzezko armak hobeak zirelako eta horrek abantaila handia ematen zien gerrarako brontzea erabiltzen zutenei.
Ez da erraza esatea noiz hasi zen eta noiz arte luzatu zen garai hau; izan ere, brontzea ez zen iritsi herrialde guztietara aldi berean leku guztietan. Badakigu Ekialde Hurbilean, gutxi gorabehera, K.a. 4000. urtean hasi zela; Asian, berriz, K.a. 3000. urte inguruan; eta Europan, berriz, beranduago, baina ez leku guztietara garai berean.