Txikipedia:Biografia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Biografia norbaiten bizitza eta ekintzarik garrantzitsuenak jasotzen dituen kontakizuna da. Gehienetan, idatzitako testu bat izaten da, luzeagoa edo laburragoa: liburu oso bat izan daiteke norbaiten biografia; baina baita testu laburrago bat, paragrafo gutxikoa, Txikipedian bezala. Baina film dokumental batean ere egin daiteke norbaiten biografia. Liburu edo film batean norbaiten biografia egiten bada, liburu edo film biografikoa dela esaten da.
Bestalde, norbaitek bere buruari buruzko biografia idazten edo argitaratzen duenean, autobiografia deitzen zaio. Norbaitek liburu edo film batean bere biografia egiten badu, liburu edo film biografikoa egin duela esaten da.
Biografietan, benetakoak diren datuak ipini behar dira; beraz, lan biografikoak ez dira fikziozkoak izaten. Hala ere, batzuetan fikzioa erabiltzen duten liburu edo film biografikoak ere egoten dira; haietan, datu garrantzitsuak bai izaten dira egiazkoak, baina kontakizunean egon daitezke asmatuak diren zati edo pasarteak.